ongietorri

Hemen aurkituko duzuna ez da berritzailea, beste sukalde irakurketa bat besterik ez dut eskaintzen, sukalde kontuak eta sukalderako lehengaiak etxean sortzea edo aurkitzea da helburutariko bat. Produktu bat artu osagai nagusitzat eta bera jorratuko dugu errezeta ezberdinak osatuz. Ez dira oso korapilatsuak izango, erraz egiteko modukoak, sukaldean hasi berriak direnentzat edota egunero ibiltzen direnentzat baita baratzerako gogoa dutenentzat baina lurrik ez dutenentzat gida txiki bat, etxeko balkoian gauza asko egin bailiteke. Animo eta ea zure gustuko errezetak topatzen dituzun!!!!

etxean kalabaza ipini

Ez da zaila merkatura joan, gustuko duzun kalabaza eder bat erosi, zatitu sukaldean lan egiteko, bere haziak artu eta utzi lehortzen sukaldeko paper zuri batean hilabete batzuetan, leku lehor batean.  

Utzi apirila erdi edo maiatza arte eta, orduan, sartu paper zurgatzaile baten barruan ur pitin batekin (beti bustita egon behar du, lehortzen bada gehitu ura) eta ikusiko duzu egun gutxitan adartxo bat aterako zaiola. Bitartean ipini lore-pote edo ontzi handi bat lur askorekin, sartu kalabaza hasi bertan eta ureztatu pasatu gabe, ez du ur asko behar. 

Egun gutxitan hasten joango da, eta adar luzeak botako ditu, metro pila bat. Ez baduzu balkoi handiegirik, nik bezala, ipini lore-potearen erdian makil bat eta bildu kalabaza makilaren inguruan. Leku dezente hartzen du baina era horretara  ez zaitu  balkoitik botako!
Loreak botatzen dituenean, adi, hortik aterako baita fruitua, udazkenerako jateko prest izango dituzu kalabazak. Loreak ere jan daitezke, nahi duzunez bete eta frijitu, aukera ona izan liteke. Ikusiko duzu, ez da batere zaila. Zorte on!!



Erreboiloa platanondo hostoetan erreta albahaka zaporetan

erreboilo bat
tipula bat
piper berde bat
albahaka freskoa
tomate eder bat
platanondo hosto oso bat
Moztu tipula eta piperra julianan, erregosi su ertainean, gehitu tomatea azirik eta azalik gabe txiki txiki moztuta, utzi bi minutuz egosten. Garbitu erreboiloa eta moztu 8 zatitan (txikia bada 4 zatitan).Moztu platanondo hostoak 25X30 cm inguruko zatitan eta ipini erreboilo zati bat gatza emanda, tomate saltsa eta albahaka hosto zati bat. Itxi opari bat bezala eta sartu labean 10 minutuz 180º edo egin arte. Zerbitzatu lagunei platanondo hosto bana zabaldu gabe, lagunak arrituko dituzu. Ipini tomate cherry batzuk gainean, kolorea emango baitio

Pistoa arraultz nahasiekin

tipula bat
tomate bat
2 piper berde
2 baratxuri ale
kuiatxo bat
2 arrautza

Moztu tipula, piper berdea eta baratxuria brunoisse erara eta erregosi zartagi batean su ertainean, tomateari kendu azala eta aziak, moztu zati txikitan eta gehitu zartagira. Kuiatxoa moztu kubo zatitan eta sartu zartagira, erregosi hau guztia 10 minutuz eta azkenik arraultzak nahasi,su txikian egosi arte baina gehiegi utzi gabe,  gatz puntuan jarri eta jateko prest.

Errezeta hau arrautzarik gabe egin dezakezu eta edozein arrain laguntzeko osagai ederra izan liteke.

bakailua tipuleztatuta

8 tipula eder
3 baratxuri ale
4 bakailu zati, bakoitza 200-250gr ingurukoa
oliba olioa
100ml ardo zuria
gatza
Moztu tipula julianan eta erregosi su txikian ordubetez gatz pittin batekin eta oliba olio txorrotada batekin, nahasi tarteka ez itsasteko eltzeari.Sartu baratxuriak ere brunoisse erara moztuta. Lehendabizi tipulari ura aterako zaio eta gero lehortzen joango da kolore marroia artzen ari den bitartean. Gehitu ardo zuria eta sartu bakailaoa azala goruntz duela, tapatu estalki batekin bi minutuz eta gero eman bira arrainari, utzi beste minutu batzuk bakailaoa egiten eta ardo zuriaren alkohola lurruntzen. Amaitzeko bota perrexil birrindua kolorea emateko. Normalki gatza beharrik ez du izaten bakailaoak baina ez dago gaizki probatzea, gainera ardo zuriak ere ematen dio gazi puntu bat. On egin.

Hegaluzea

Hegaluzea udako hilabete luzeetan aurkituko dugu, atuna ,berriz, negukoa da. Hala ere bada kuriositate bat, hegaluzea erdaraz "bonito" deitzen zaio, baina hemengo "bonito del norte" atunetik dator, ez da hegaluzea. Egia esan biak familia beretik datoz, baina ur ezberdinetan ibiltzen dira. Itxuraz ere antzekoak dira, hegaluzea argiagoa da eta tripa ingurua borobilagoa du, pisuan berriz atunak askoz ere handiagok dira.



Marmitakoa
400 gr hegaluzea
3-5 patata
2 tipula
4 piper berde
2 tomate
4 piper txorizero
2 baratxuri ale
hegaluzez hezurrez egindako salda
oliba olioa
erramua (aukeran)

Lehenengo ipini piper txorizeroak uretan hidratatzeko, 3-4 orduz,eta ondoren laban baten laguntzaz kendu haragia barruko azaletik, azala botatzeko. Bestela erosi piper txorizeroen haragia (beirazko ontzi txikietan saltzen dute).
Moztu tipula, piper berdea eta baratxuria era txikian. eltze handi batean ipini oliba olio txorrotada batekin tipula egiten, geroxeago gehitu baratxuria eta azkenik piper berdea. ondoren gaineratu tomatea zurituta eta azirik gabe txiki txiki eginda (concasse). Zuritu patata eta kriskatu laban txiki baten laguntzaz. Erantsi patatak (uretatik pasa gabe, bere fekulak saltsa loditzen lagunduko baitugu) eta piper txorizeroen haragia, nahasi eta gehitu salda. utzi egosten 30-40 minutuz (gustukoa baduzu erramua gehitu) loditu arte. Moztu hegaluzea zatitan eta gehitu eltzera. Utzi egosten minutu pare bat eta ipini gatz puntua.


Hegaluzea tipuleztatua soja saltsarekin:
6 tipula
2 piper berde
3 baratxuri ale
Soja saltsa
Oliba olioa
Hegaluze garbi zati eder bat edo mendrezka (arraiaren beheko atala, hau da, bular aldea, hiruki forma hartzen du eta liburu moduan irekitzen da)

Moztu tipula julianan eta erregosi su txikian ordubetez gatz pittin batekin eta oliba olio txorrotada batekin, nahasi tarteka ez itsasteko eltzeari. Sartu baratxuriak ere brunoisse erara moztuta. Lehendabizi tipulari ura aterako zaio eta gero lehortzen joango da kolore marroia artzen ari den bitartean. Moztu hegaluzea 100gr inguruko zati ederretan eta ipini gatza. Zartagi batean ipini oliba olio txorrotada bat. Egin hegaluzea su bizian hasieran eta gero jaitsi neurria suari,  erdi egina dagoenean gehitu tipula egina, utzi minutu batzuk eta bota soja saltsa. 2-4 minututan jateko prest!.
Erne soja saltsarekin, janaria gazitzen baitu, beraz, gatz gutxiago bota osagai guztiei.

Hegaluzea hirugiharraz estalirik tomate saltsetan
Hegaluzea zatiak
Hirugiharra hegaluzea estaltzeko 
tomate saltsarako:
Tomatea udare barietatekoa(toamte saltsa egiteko oso egokiak dira zuku asko dutelako)
Tipula bat
2 baratxuri ale
Piper berde bat
Ardo zuria
Gatza
Azukrea
patata panaderentzako:
tipula bat
piper berde bat
patatak 
oliba olioa
gatza
piper hauts zuria
 Tomate saltsa:
moztu tipula, baratxuria eta eta piper berdea eta egin su txikian, gehitu ardo zuri txorrotada
bat eta tomateak. Egin su txikian ordubetez, ura behar balu lodiegi dagoelako hobe amaiera gehitzea. Txikitu irabiagailu baten laguntzaz irazki ondoren, ipini gatza eta azukrea, dastatu amaitzeko. 
Patata panaderak:
moztu tipula eta piper berdea tira luzeetan, patata berriz zentimetro erdiko xafletan, ipini labeko erretilu batean patatak, piper berdeak, tipula, oliba olioa, gatza, piper hauts zuria eta ardo zuri txorrotada bat gustuko baduzu. Estali aluminio paperez eta sartu labean 170ºtan 70 minutu inguru edo egin arte(patata gutxi badira 45 minututan egina egon liteke).
Azkenik, hegaluzeari bota gatza pitin bat eta bildu hirugihar xerrez, egin zartagina baten laguntzaz urreztatu arte.  Amaitzeko ipini hegaluzea tomate saltsatan eta egosi  2 minutuz zaporeak nahasteko. zerbitzatzeko momentuan ipini patatak azpian, gainean hegaluzea eta busti tomate saltsarekin, nahi izanez gero edertu perrexil birrinduarekin.  

azalore eta brokoli gainerrea

Azalore bat
Brokoli bat
Bexamela(oliba olioa, irina eta soja esnea)
Intxaur moskatu ehotua
Tofu pakete erdi bat
Azalorea eta brokolia lurrunetan egosi. Bexamela egiteko: ipini oliba olioa sartagi batean, irina gehitu eta azkenik soia esnea gehitu. ondo nahasi egurrezko goilara batekin ondo loditu arte. bexamelari intxaur moskatu apur bat botako diogu usain goxoa izan dezan. labeko erretilu batean oliba olio pitin bat jarriko dugu eta betan barazkiak ipini, bexamelaz estali eta tofu ehotuaz estali. Labean sartu 180ºtan 10-15 minutuz ondo gainerretu arte.

Ahukate patea

150gr garbantzu egosi
2 ahukate
limoi erdi baten zukua
2 goilarakada tahin saltsa (sesamo purea)
gatza
gustokoa baduzu: jenjibre ehotua, kominoa,kurria edota piperbeltz ehotua
Osagai guztiak xehetu pasta bat lortu arte eta jan ogi xigortu baten laguntzaz.